Frankismoak gure herrian eragindako ondorioak aztertzen, Valeriano Saizar Arteagaren hilketa gertakizun latz bat da, beste askoren artean. Villabonan osotara hogeita bederatzi pertsona suertatu ziren hilik, horietatik 14 fusilatuta. Tartean, udal hautetsi, alkate eta enpresa gizon hau. Bere delitua bistan da abertzalea izatea zen. 72 urte zituen Valerianok tiroz akabatu zutenean. Bere bizitza Amasa Villabonako Udalari oso lotua egon zen.

Historian badira hainbat gertakizun haien gogortasunagatik kontatzeak berak ere biloak tente jartzen dizkiguna eta hau horietako bat duzue. Seguruenik, Valerianoren heriotza edo hilketak hobeto esan, frankismoaren krudelkeriaren neurri egokia eskaintzen digu. Gerra Zibila Euskal Herrian lanean jasota dagoen moduan, Valerianok, kaperan zela, apaiz faxista baten bisita jaso zuen, bere erantzuna hauxe izan omen zen: "Toda mi vida he creído y he practicado la religión cristiana. Ahora ya no creo. No quiero practicarla1".

Frankistak sartzen zirenean eta herri bat konkistatu, Villabonako banda etxe atarietan jartzen zen, musika jotzen. Valeriano hil ondotik haien senideek bandaren bisita jaso zuten.

1936eko urriaren 9an hil zuten frankoren tropek, Orioko gainean. Bere gorpuzkinak, Zarautzeko hilerrian sartu ote zituzten zabaldu zen, baina haren senideek ezin izan dute hori inoiz baieztatu. 1941 urtarrilaren 2an idatzi zuten haren heriotza ziurtagiria (5 urte beranduago, alegia).
Heriotza eta kontzentrazio eremua Lasarten

1936 uztailaren 18an lehertu zen gerra. 1936 abuztuaren 16an sartu ziren Amasa-Villabonan Frankoren gudarosteak. 2 hilabetera eskas, Valerianoren aurkako bilatze eta atxilotze agindua emana zegoen eta lekukoek diotenez egun horretan ez zen etxera inoiz itzuli. Bere alaba Carmen eta honen senar Jose Ignaciok lagunduta (Agirre Lehendakariaren Gobernuan ardura politiko handiak izan zituen) Bilbora zihoazen, ihesean; halako batean, Valerianok bere seme alabei: zergatik egin behar dut nik ihes, ez dut deus egin eta esan zien; Getarian geratu ziren, han lagun batzuk zituzten eta haiekin babes hartzen saiatu ziren, Balentziagatarren etxean (ez jostun ezagunaren etxean, beste batzuenean baizik). Haiek etxerako bidea egiten lagundu zioten baina, bidean harrapatu egin zuten eta atxilotu. Egun horretan, Mutrikuko herria frankoren gudarosteek okupatu zuten eta hilabetez Lasarten kokatu zuten kontzentrazio eremu batera eraman zuten Valeriano.
Hil aurretik, Lasarten kokatua zegon kontzentrazio eremu batean egon zen hilabete batez atxilo. Marisol Bengoetxea (Valerianoren erraina eta Claudio, semearen emaztea) Balentziagatarrekin egon zen urte batzuk beranduago: "Zarautzekoa zen lagun baten bitartez, aipatu genuen hilotza Villabonara ekartzeko aukera baina, garai hartan ezinezkoa zen".

Valeriano, Villabonako alkate eta zinegotzi

Bi alditan gutxienez alkate izan zela badakigu, 1899 eta 1932an; gero zinegotzia ere izan Udal korporazioan. 1935 urtarrilaren 15ean, Tolosako Epaitegiko Epaile baten eskariz, Valerianok eta ordu-arte udal ordezkari ziren gobernu talde osoak, Federico Urdanpilleta alkate buru zutela, euren dimisioa aurkeztu zuten. Hori, epailea eta udal idazkariaren aurrean egin behar izan zuten. Valeriano bera, garaiko prentsan, dimisio horren benetako arrazoiak agertzen saiatu zen. Argi adieraziz ez zutela euren borondatez utzi udal ardura hori ---herri ekimenean fermuki sinesten zuen Valerianok- baizik eta behartu egin zituztela horretara. Beraz, bistan da, gerra lehertu baino urtebete lehenagotik prestatzen ari zirela, botere guztia haien esku izateko.
Gerra lehertzear zegoela Valeriano zinegotzia bazen ere, Valeriano alkate izan zen, esaterako, 1932eko ekainaren 19an, honela, Villabona ordezkatu zuen Gayarre antzokian, Iruñean, Estatutua aukeratzeko egin zen Batzar Orokorrean.

 

Garaiko prentsari errepasoa eginez, 1932 urriaren 4ean gaixotasuna argudiatuz, alkatetza utzi behar izan zuen.

Valeriano, enpresa-gizona, EAJkoa, katolikoa

Valeriano EAJkoa zen, abertzalea eta katolikoa, estuki katolikoa. Familiak zituen ondasunen zaintza zuen bere egitekoen artean. Rufino Blennerekin2 batera (1847-1950) Blener eta Saizar enpresa sortu zuen (1904 urtean), bertan teilak eta adreiluak egiten zituzten, 2011 urtean Amasa Villabonako Udalak sustatuta Burdina Taldeak egindako indusketa eta auzolan saio batean, Legarreta inguruko karobi zein garbitoki bat errekuperatzeko ahaleginean ari zirela, aipatu enpresan egindako adreilu bat topatu zuten, Saizar y Blener.Villabona idazkunarekin.

Amasako parrokiaren kanpaiak bere agintaldikoak dira eta baita Villabonako elizaren eraikuntza ere, hau sustatzeko lan handia egin zuen Valerianok. Aipatu Parrokiaren inaugurazioa, 1909ko Azaroaren 26an burutu zen.

Placida Ateaga eta Antonio Maria zituen guraso. Kale Berria 11an zuten bizileku, Ateaga Enea (amaren abizenari zegokion) etxean hain zuzen. Bere famili jatorria berriz, Hernialden kokatu behar da,Vitoria baserriaren ingurumarian. Antza, Valerianoren abizen osoa Saizarbitoria zen baina akats administratibo batek euren abizena moztu zuen erditik. Eta Saizar abizenarekin geratu.

Hiru alditan ezkondu zen. Lehendabizikoz, Juana Galarmendirekin. Ez zuten seme alabarik izan. Bigarrenik haren ahizpa, Maria luisa Galarmendirekin, seme eta alaba bana izan zuten, Juan eta Carmen eta hirugarrenik Martina Galarmendirekin ezkondu zen, Mercedes eta Claudio seme alabak izan zituzten.

Valerianoren aurkako jazarpen neurrigabea: bozka eskubidearen ukazioa

1936 urtean Valerianori bozka eskubidea ukatu zitzaion baina berak ez zuen amore eman. Hemen ikus dezakegu nola, bozka eskubidea ukatua bazuen ere, berak bere eskubidea bermatzeko aukera egin zuela eta hautes lekuan agertu zen bozka eskuan. Ikus dezakegu baita ere Euskal Gobernuan Barne Ministroa izandako Telesforo Monzon beraren sostengua izan zuela Valerianok hautagai izateko. Baina, eskubide hori ukatu zioten behin eta berriro.

 

1 Egaña, I.(zuz.) 1936. Gerra Zibila Euskal Herrian, 8 liburuki. Aralar Liburuak. Andoain. 1998-2000.
2 Pelotari profesionala hura ere.