Category 1
- Asteazkena, 25 Martxoa 2015 14:48
Esperientziak erakusten digu, amnesiaren erruz, historia behin eta berriro errepikatzen dela, amesgaizto baten moduan. Memoria onari esker, iraganaz ikas dezakegu; izan ere, iragana berreskuratzeak zerbaitetarako balio badu, oraina eraldatzeko da.E. Galeano.
Memoriaren astea burutuko da Amasa-Villabonan martxoaren 24tik 31ra bitartean; Villabonako Udalak eta Aritza Kultur Elkarteak orain arte garatu den ikerketaren inguruko ezagutza guztia herritarren eskura jartzeko ekimenez beteriko aste oparoa prestatu dute.
Villabonako Udalak eta Aritza Kultur Elkarteak, elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, lau urte daramatzate gerra zibilaren eta lehen frankismoaren ondorengo gertakariak ikertzen. Aurrekaririk gabeko ikerketa izan da. Eta helburu bikoitza du, batetik, ezkutatu zaigun egiaren zati bat jakiteko nahi historikoa eta bestetik, sortutako ezagutza guztia herritarren eskura jartzea.
Billabonatarrek, garai hartako beste asko bezala, Errepublikaren aurkako estatu kolpe militarra jasan zuten 32 hilabetez.
Villabonan ez zen berezko enfrentamendu militar zuzenik egon, baina herritar batzuek armak hartu zituzten legezkotasuna defendatzeko eta kolpistei aurre egiteko, beste herritar batzuk, ordea, kolpistekin borrokatu zuten legezkotasunari aurre egiteko, eta gehiengoak –bereziki emakumeek, adinduek eta haurrek– gerraren ondorio latzak jasan zituzten.
Gerra amaituta, gauzak ez ziren errazagoak izan, diktadura aldi luze bat etorri zen, irabazleen gorespena eta galtzaileen umiltzea nagusi zen giro bat, non herritarrek euren bizitzei aurre egin behar izan zieten; errealitate gordin hori, ordea, historiako liburu ofizialetan ezkutatu egin da.
Isilune luze horren ondoren, egindako ikerlanari esker, orain arte ezezagunak izan diren gertakizunak eta pertsonaiak ezagutarazi nahi ditugu.
Eta, historiografia ofizialak ahaztu baditu ere, guk historia garaikidearen lehen lerroan kokatu nahi ditugu. Horretarako antolatu da memoriaren aste hau, azken lau urteetan garatu den ikerketa lana ikusgarri egiteko eta historiak ahanzturara kondenatu dituen herritarrak omentzeko.
Aste honetan hiru ardatz dituen errealitate bat erakutsi nahi da, ertz desberdinetatik.Batetik egiaren kontzeptuan sakondu nahi da eta horretarako aukeratu da martxoaren 24a, Nazio Batuen Erakundeak, Egia Ezagutzeko Nazioarteko Egun gisara zehaztua duenean. Esti Amenabarrok idatzi duen Frankismoaren aztarnak arakatzen II: egiaren minak liburuak, egiaren beste zati bat mahai gaineratu nahi du, orain arte kontatu ez den historia bat. Bi edizio izango ditu aipatu liburuak, bata euskaraz bestea erdaraz.
Modu berean, Villabonako Udalak sustatuta www.amasavillabonaoroitzen.net web orria abiatu da; bertan epe historiko honi buruzko informazio guztia, dokumentazioarekin lagunduta aurkezten delarik.
Bestetik, belaunaldien arteko transmisioa bermatu nahi da, gaurkoek atzokoaren berri izatea beharrezkoa baita aurrera egiteko eta horretarako, Negar franko egingo zuen aitak izeneko dokumentala ikusi ahal izango da. Bertan, frankismoaren lehen urteetan billabonatarrek izandako bizipenak kontatzen zaizkie gazteei (protagonista batzuk lehen pertsonan jasan zutena kontatuko diete gazteei). Bertha Gaztelumendi kazetariak zuzendu du aipatu dokumentala eta bertan gerra ondoren billabonatarren bizi esperientziak jasotzen dira. Horretarako belaunaldi desberdinak elkarren artean hizketan jartzen direlarik.
Aste hau osatzeko, memoria historikoaren alorrean lehen lerroko adituak izango dira Villabonan. Paso Etxeberria, Xabier Urmeneta. Lourdes Herrasti eta Josu Chueca, kasu.
Azkenik, Goyo Armañanzasen gidaritzapean, tailer bat burutuko da, isiltasunaren kudeaketa ikuspegi psikosozialetik lantzeko. Helburua inposatu den isiltasuna apurtzeko espazio bat lantzea izango da.
Isiltasuna egokiena zela pentsatu zuten nonbait. Isiltasunak zauriak sendatuko zituelakoan. Aritza Kultur Elkarteak isiltasunari, errespetua eta aitortza erantsi nahi dio. Eta erreparazioa.
Villabonako Udalak eta Aritza Kultur Elkarteak elkarlanean garatu duten egitasmo honen kulminazio fasea iritsita, asko da aurreratu dena ezkutuko historiaren inguruan. Lekuak eta gertakizunak eta pertsonai esanguratsuak ezagutzeko parada eskaintzeaz gain XX. mendean Amasa-Villabonan nabarmenak diren ezagutzak mahai gainean jartzeko balio izan digu. Bat aipatzekotan, Amasako hilerrian Paco Etxeberrria forentseak eta Lourdes Herrasti antropologoak zuzendutako deshobiratzea izan da, zeinaren bidez ezagutu ahal izan dira frankismoak fusilatu zituen hainbat herritarren nortasunak; edota Indalecio Prietoren gobernuan zerbitzu sekretuetako arduraduna izan zen Anastasio Blanco gertutik ezagutzeko parada; baita euren senarrak frontean borrokan zituzten bitartean umiliatuak eta zigortuak izan ziren emakumeen kasuak ere. Datu asko eta errealitate gordin asko, Amasa-Villabonako historia garaikidea hobeto ulertzen lagunduko dutenak.
Dagoeneko ezer ez da berdin. Dagoeneko Amasa-Villabonako kaleetan zehar ibilitakoan, begirada bestelakoa da.