Egilea: Amagoia Gurrutxaga Uranga. Zarautzeko postalak -36ko Gerraren egilea. Lotura

Uztailaren 18an altxatutakoen tropak 1936ko irailaren 20an sartu ziren Zarautzera. Hala bukatu ziren abertzaleek eta errepublikazaleek herrian ia bi hilabetez —Emilio Mola jeneralak Iruñean diseinatutako estatu kolpea jo zutenetik— eduki zuten agintea. Duela 77 urte Zarautzera sartu ziren falangistek erdi hutsik aurkitu zuten herria. Ehunka zarauztarrek —eta frankisten izugarrikeriengandik ihesi herrira babes bila etorritakoek— alde egin zuten, izan ere, haien etorrera aurreko orduetan. Karlistak zain zituzten, hala ere, bandera gorri-horia eskuetan eta errekete uniformeak soinean ongi-etorria egiteko. Haien begietara, herria “askatzera” ailegatuak ziren alkandora-urdin eta txapel-gorri guztiak. “Askatze” haren neurria,ondoko testigantza honek ematen du:

Testigantza: Maria Zulaika Larrañaga, Orio gaineko Beobate baserriko alaba.

Data: 2003ko urtarrilaren 4ean Ondarrun (Bizkaia).

Iturria: Jon Benito eta Amagoia Gurrutxaga Uranga.

“Frontea etorri aurretik, zarauztarrak aritu ziren gure etxe inguruetan poteei tiroak ematen eta. Gure tabernara etortzen ziren jatera. Bonuak ematen zizkiguten trukean, eta irabazitakoan bueltan etorri eta ordainduko zizkigutela esanez joan ziren. Besteak Aiatik zetozen, eta izara zuria mantalinarekin sartu nuen sabaian. Gure etxeak lau leiho txiki zeuzkan aurrera, eta hantxe jarri genuen. Halaxe etorri ziren. Erdaraz hitz egiten zuten. Joan ziren haiek, eta gure Antonio zena, Sorazuko Juan lagunarekin eta Nekazabalgo Rufinorekin, kamino etxera joan ziren [han egon ohi ziren gudariak eta milizianoak Zarautz ebakuatu artean], kuxkuxera. Graziak, behean egoteko esan zien Rufinok, eta bera gora abiatu zen. Hantxe geratu zen, danba lehertu zelako etxea. Bonba zegoen barruan. Han etorri ziren anaia-eta zer gertatu zen esatera. Nik lehendabiziko lana egin nuen maindire bat estreinatu gabea hartu hura tapatzeko eta hara joatea. Txerria erretakoan nolakoa geratzen den? Halakoxe itxura zeukan Rufino gizarajoak. Manterola Zarauzkoak (*), maindirea ikustean, esan zidan:

—Zertarako ekarri duzu hori? Ez dago beharrik.

—Tapatzeko —erantzun nik.

—Tapatzeko?

Brodatua zegoen maindirea, eta harekin tapatu eta kamioneta txikian eraman zuten. Negar batean etorri ginen gero. Etxera ailegatu ginenean deiadar moduko batzuk entzun nituen, behetik. Ukuiluko atea zabalik edukitzen genuen egunez, txikia zelako eta ganadu asko zegoelako, eta handik-edo zetozen hotsak. Jaitsi nintzen behera eta, ganadu artean, “señora, por favor… ayúdeme señora, por favor por favor”, Paloma eta Txuri-ren aurrean —oraindik gogoan ditut behi haien izenak—, hiru gizon. Bat hanka moztuta, bestea besoa kenduta, bestea dena-dena zartatuta… Nik lehendabiziko lana egin nuen: altxa gora nire sustoarekin, berotu esnea irekinarazi arte, bota koinaka pixka bat, azukrea ondo eta haiei eramatea. Jaungoikoak pagatuko zidala esaten zidaten…

Eta gero zer da eta haiek handik eraman behar genituela. Etorri zen Manterola hori eta Zarauzko kanposantura. Zaldia karrora lotu eta kanposanturako aldapa hain zen pikea, gurdia altxatu ezin gure zaldiak. Antonio txikia zen, heldu bizkarrarekin geuk karroa, zaldia joaten zen zuzen, eta altxa genuen kanposanturaino. Kanposantura ailegatu ginenean, atean botatzeko esan ziguten. Ezin zitezkeen bota, nik ezin nituen bota. Heldu poliki-poliki eta ahuspez jartzeko. Paretaren kontra jarri zituzten. Botatzeko, frentez botatzeko, bota behar bazuten. “Si tienes cojones, de frente!”, halaxe esan zuten. Eta haiek hantxe, firme! Hala, niri adioska… gu negarrez [negarrari eutsi ezinda kontaketa egitean ere]… Kanposantuko atean hirurak jarri eta denei tiro bana eman zieten. Gero bestea. Eta hirugarren tiroa… Haiek adioska. Besoa falta zuena “gracias señora” esaten ari zitzaidala hartu zituzten tiroak.

Manterolak esan zuen han lagatzeko haiek, beraiek konponduko zirela. Ez dakit zer egin zieten. Guk zaldia eta karroa hartu eta etxera.

Erdaldunak ziren hiru gizon haiek. Ez nituen ezagutzen. Ez ziren ez zahar ez gazte, hogeita hamabost, hogeita hemezortzi, berrogei urte ingurukoak. Gizajoak! Frontea Aian zegoen eta gure etxea Aiatik zazpi kilometrora zegoen. Denek harrapatzen zuten baserri hura, kaminoaren kontra zegoelako.

Hala izan zen behintzat haien kontua. Gero, atzetik deklarazio eta berriketa ugari bazen, baina nik gauza bat daukat: ondo egin niela denei. Ni ez naiz politikoa izan behin ere, baina gure amak laguntzen erakutsi zigun.

Gero ere etorri izan ziren gora han eta hemen hildakoak zuloan sartzeko. Txindurrita azpian, Zarautz aldeko kaminoaren kontra… Orioko gaina baino lehenago, Txindurritako bidea dago. Han, kaminotik gora, hiru arkazia zeuden eta haien azpian zuloa egitera gure aita zena eta Antonio anaia joan ziren. Mendibeltzan Sorazukoek erabiltzen zuten terrenoa zen.

Hasi dira aita eta Antonio zuloa egiten eta ezin. Lurrik egon ez arkazien azpian! Zulorik egin ezin, eta elkarren gainera botatzeko eta gainean sakatzeko esan zieten. Zabaldu ditu begiak azpiko batek, sakatu dutenean, eta gure Antonio mareatura, han gainean! Aitak segitu egin zuen, hura ere kobardea bazen ere, baina ezin izan zituzten sartu, lurrik ez zeukatelako tapatzeko. Antza denez, gainera zerbait bota eta han laga zituzten.

Manterolak gure Antoniori esan zion, mareatu zenean: “Negar egiten duzue? Makina bat horrelako egin behar dituzue oraindik!”. Nola esan daitezke halakoak! Gauza horiek denak egin zizkigun guri Manterolak. Gero, haien bila etorri ziren egun hartan bertan. Gure etxera. Hildakoei beren anilluak eta zigiluak [eraztun klaseaz ari da] kendu nizkien. Izan nuen bada nik hura egiteko balorea! Gaur egun ez daukat. Haiek kendu eta gorde egin nituen. Etorri ziren iluntzean bertan bila, eta eman nizkien. Pronto nengoen emateko. Alkateak ote ziren esaten zuten (**). Usurbilgoa zen bata. Beren herrietara eraman zituzten. Halaxe bukatu ziren kontu haiek.


(*) Elkarrizketatuak behin baino gehiagotan aipatzen duen zarauztarra Marcelino Manterola Larrañaga karlista da. Errepublika indarrean jarri berritan zinegotzi izan zen, baina dimisioa eman behar izan zuen Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroarako Estatutuaren inguruko batzarrera Lizarrara (Nafarroa) joan, eta estatutu berriaren kontra bozkatu zuelako, Zarauzko udalbatzak kontrako agindua emana zion arren. Altxamendua gertatu berritan, ihes egin zuen herritik; frankistekin batera bueltatu zen Zarautzera. Bueltatu zenetik, udaletxeko zinegotzi postua bete zuen urte luzez, eta Zarauzko Gerrako Junta Karlistako kide seinalatu eta erreketeen buru izan zen, besteak beste.

(**) Mariak hiru hildako aipatu zituen elkarrizketan, baina bere anaia Jesusek lau zirela dio. Informatzaile batzuen eta besteen kontaketak entzunda, badirudi Txindurrita azpian lurperatuetako hiru Patxi Aizpurua Alkorta usurbildarra, Cosme Yaguez Zubietako irakaslea eta Valeriano Saizar Arteaga Villabonako alkate ohia zirela. 1936ko urriaren 9a eta 10a bitarteko gauean asesinatu zituzten. Aizpurua Alkortaren iloba batek emana digu hilketa haien inguruan etxean jasotako informazioa: Milagros Pagola: “Gure aita zenak beti esaten zuen bost lagun fusilatu zituztela han”