Egilea: Amagoia Gurrutxaga Uranga. Zarautzeko postalak - 36ko Gerraren egilea. Lotura

Valeriano Saizar Arteaga. Villabonako alkate izana. Itzala zuen herrian, ilargipean lurperatu zuten Zarauztik Orioko gainerako bidean, 1936ko urriaren 9tik 10erako gauean. Epaitu gabe exekutatu zuten, beste hainbatekin batera; zarauztar talde bat aritu zen lan zikin haietan herrian zabaldutakoaren arabera. Tolosako epaitegiko heriotza agirian, “gerran, suzko armaz” hila zela idatzi zuten (*).

Valeriano Saizar Arteaga, Martina Galarmendi emaztea eta Juan, Carmen eta Mercedes seme-alabekin, duela mende bat inguruko argazkian. ARITZA ELKARTEA

Erakusketa bat Villabonako Gurea erakusgelan: Frankismoa Amasa-Villabonan. Iraganera hurbilpen bat etorkizuna eraikitzeko. Panel batean, bost esaldi:

“EAJ alderdiko militante esanguratsua. Amasa-Villabonako Udalean hainbat ardura bete zituen. Gerra lehertu aurretik alkate eta zinegotzi izan zen. 1936ko urriaren 9an hil zuten, Orioko gainean, Villabonatik Bilbora bidean bere alaba eta suhiarekin ihesi zihoala. Atxilotu eta tiroz hil ondoren, Zarautzen lurperatu zuten”.

Eta Beobate baserriko Maria Zulaika Larrañagaren hitzak gogora, Marcelino Manterola Zarauzko karlista ezaguna zuloak egiteko agintzera joan zitzaienekoa kontatzen (KLIKATU HEMEN TESTIGANTZA OSOTIK IRAKURTZEKO):

“Gero ere etorri izan ziren gora han eta hemen hildakoak zuloan sartzeko. Txindurrita azpian, Zarautz aldeko kaminoaren kontra… Orioko gaina baino lehenago, Txindurritako bidea dago. Han, kaminotik gora, hiru arkazia zeuden eta haien azpian zuloa egitera gure aita zena eta Antonio anaia joan ziren. Mendibeltzan Sorazukoek erabiltzen zuten terrenoa zen.

Hasi dira aita eta Antonio zuloa egiten eta ezin. Lurrik egon ez arkazien azpian! Zulorik egin ezin, eta elkarren gainera botatzeko eta gainean sakatzeko esan zieten. Zabaldu ditu begiak azpiko batek, sakatu dutenean, eta gure Antonio mareatuta, han gainean! Aitak segitu egin zuen, hura ere kobardea bazen ere, baina ezin izan zituzten sartu, lurrik ez zeukatelako tapatzeko. Antza denez, gainera zerbait bota eta han laga zituzten.

Manterolak gure Antoniori esan zion, mareatu zenean: ‘Negar egiten duzue? Makina bat horrelako egin behar dituzue oraindik!’. Nola esan daitezke halakoak! Gauza horiek denak egin zizkigun guri Manterolak. Gero, haien bila etorri ziren egun hartan bertan. Gure etxera. Hildakoei beren anilluak eta zigiluak [eraztun klaseaz ari da] kendu nizkien. Izan nuen bada nik hura egiteko balorea! Gaur egun ez daukat. Haiek kendu eta gorde egin nituen. Etorri ziren iluntzean bertan bila, eta eman nizkien. Pronto nengoen emateko. Alkateak ote ziren esaten zuten. Usurbilgoa zen bata. Beren herrietara eraman zituzten. Halaxe bukatu ziren kontu haiek”.

“Alkateak ote ziren esaten zuten…”. Eta Valeriano Saizar alkate izana zen. Bere bizitza ia osoa Udal Gobernuari lotua eman zuen: alkatea izan zen 1899an eta 1932an; zinegotzia ere bai ondoren. Horretaz gain hainbat negozio kudeatzen zituen.

1936ko abuztuaren 16an sartu ziren Amasa-Villabonan Francoren gudarosteak. Lekukoen arabera, Saizar ez zen egun hartan etxera itzuli. Bere alaba Carmen eta honen senar Jose Ignaciok lagunduta —Agirre lehendakariaren gobernuan ardura politiko handiak izan zituen— Bilbora zihoazen, ihesean; halako batean, Valerianok bere seme alabei «zergatik egin behar dut nik ihes, ez dut deus egin eta!» esan zien. Getarian geratu ziren, eta han lagun zituzten balentziagatarrenean babes hartzen saiatu. Haiek etxerako bidea egiten lagundu zieten, baina bidean harrapatu eta atxilotu gin zuten Saizar. 72 urte zeuzkan.

Valeriano hil ondoren, haien senideek herriko bandaren bisita jaso omen zuten. Faxistek herri bat konkistatu berritan, musika bandak kalera irten eta musika jo ohi zuen. 

Beobateko Mariak kontatzen zituen lurperatze kontuak 1936ko urriaren 10eko ordu txikietakoak ziren, eta urriaren 9an hil zuten Saizar, Tolosako epaitegian 1941eko urtarrilaren 2an egindako heriotza aktaren arabera:

Saizar “gerraren ondorioz, suzko armaz” hil zen, agiriaren arabera. Frankistek egindako papera da, frankisten eufemismo hizkuntza darabil. Fronterik gabeko gunean epaitu gabeko pertsonak tiroz hiltzea gerraren ondorio bihurtzen duen logika faxista.

Zarautzen hil zela dio aktak, baina ez du zehazten non lurperatu zuten. Beobateko Mariaren kontakizunak gau hartan hildakoen (ziurra da Patxi Aizpurua Alkorta usurbildarra eta Cosme Yaguez zubietarra haietako bi zirela) gorpu bila agertutako senideak aipatzen ditu. Milagros Pagola Aizpuruarenak senide haiek aurkitu zutena kontatzen ditu (KLIKATU HEMEN TESTIGANTZA OSORIK IRAKURTZEKO):

“Ezkutuka, Zarauzko hilerrian eman zioten lur osabari. Ez zen bakarrik aritu lan haietan. Beste hildakoen senideak ere tartean izango ziren, seguruenik. zioen bere aitak eta anaiak lurperatutakoen senideak berehala agertu zirela. (…) Osaba hil eta puskatera, gauza harrigarria gertatu zen: hezurrak desagertu egin ziren. Guk uste genuen Zarauzko Aizpurua Errazkindarrek aldatu zituztela, haiek bazekitelako gure osabaren ehorzketaren berri; eta beraiek uste zuten guk aldatu genituela. Zarauzko enterradorearen lanak izan ziren, ordea. Hezurrak lekuz aldatu zituen. Lazaro Beristain Aizpuruaren panteoian ote dauden uste izan dugu beti. Ezin dizut gehiago esan”.

1979an, 1978ko azaroaren 16ko 35-78 errege dekretuaren arabera zegokion pentsioa eskatu zuen Valeriano Saizarren alaba Carmenek. Eskaeran, aitaren heriotzaren inguruko hainbat datu eman zituen. Maria Zulaikaren eta Milagros Pagolaren kontakizuneko hainbat pasarte gogorarazten dituzte: Frankistek preso egin ostean, Lasarten egokitutako kontzentrazio eremu moduko batera eraman zutela Saizar eta 1936ko urriaren 9an Orioko gainean fusilatua eta Zarautzen lurperatua izan zela.


Valeriano Saizar Arteagaren heriotza akta. Tolosan egina da. Zarautzen hil zela dio. ARITZA ELKARTEACarmen Saizar Galarmendiren pentsio eskaera. ARITZA ELKARTEACarmen Saizar Galarmendiren pentsio eskaera. ARITZA ELKARTEA

Villabonako 1979ko alkatearen arabera, “jakinekoa eta agerikoa” zen Valeriano Saizar fusilatu egin zutela gerra garaian. Sinesgarritasun osoa eman zion Carmen Saizarrek pentsio eskaeran esandakoari. Mutrikun beharrean, hala ere, Getarian atxilotu zuten, balentziagatarren etxean. Balentziagatarrek jaso omen zuten haren gorpua eta Zarauzko hilerrira eraman lur emateko. Senideek ez zuten hilotza Villabonara eramatea lortu.

Gerra Zibila Euskal Herrian (Iñaki Egaña, 1998) lanean jasota dagoenez, apaiz faxista baten bisita jaso zuen Saizarrek hil aurreko kaperan zegoela, eta bere erantzuna hauxe izan omen zen:

«Toda mi vida he creído y he practicado la religión cristiana. Ahora ya no creo. No quiero practicarla».

Familiak ez daki zehazki Zarauzko zein txokotan ote dauden Valeriano zenaren hondarrak.