Blog
- Esti Amenabarro Iraola
- Viernes, 04 Septiembre 2015 17:15
Gaur, informatiboetako lehen lerro-burua da. Errefuxiatuak lehen mundua bezala ezagutzen dugun ustezko paradisu horretako geltokietan, tren eta bestelako garraio bideetan sartu ezinik, haur, gazte,emakume,nerabe, horroretik ihesi.
Gaur, haurtxo bat hondartza batean hilotz agertu da. Eta denak arrapaladan asaldatu gara. Nola da posible hau!. Hau, gaur estreinakoz gertatu delakoan. Erremediorik ez balu bezala.
Gaur memoria historikoaren garrantziaz jabetu gara beste behin. Eta telebistari begira nengoela hainbat eta hainbat pertsonen izenak etorri zaizkit gogora. Amasa-Villabonakoak, Hungarian gaur bizitzen ari direnaren antzekoak pasatakoak, bidai txartela saldu zieten haiei ere, neskame joan zitezen erasotzailearen etxera. Horregatik da inportantea babesa eta konpromisoa. Gu ere, iheslariak izan ginelako. In memorian, Pilar Barredo, bere senarra Frontean borrokan zen bitartean, izuaren izuaz ihes egin zuen, seme alabak altzoan hartuta. Bilbo, Santander, Aubenas, bidai luze eta neketsua. Itsasontzi kaxkar batean, inguruan jendea hiltzen ikusten zutela. Ez zen 1944. urtera arte Villabonara itzuli. Bere etxea beste batena zen itzuli zenean, horrorea probokatu zuenarena.
Rafael Otegik eta Pedro Arrillagak, ihes egin zuten Villabonatik, bere militantzia errepublikanoak bere gorputzean eragingo zizkieten torturen beldur.
Villabonan ere errefuxiatu behar izan zuten haurrak izan ziren: Rosario, Pilar, Salvador, Santiago eta Jose Luis. Urteak pasa zituzten sorterritik urrun. Gaur, oraindik ere gerraren ondorioz Villabonara itzuli ez den herritarrik bada munduan barrena.
Demokrazia aroa deitutakoan ere ihes egin behar izandakoak badira gurean, tren txartelik gabe. Armairu batean sartuta, mendian barrena edo lagun baten adeitasunari esker ihes egin zuten, aurrekoen amets berdintsuak zituzten. Kasik 30 urte behar izan dituzte sorterrira itzultzeko.
Inoiz, inork ez zukeen bere sorterritik joan beharrik izango, gerra egiteko borondatea duen giza txarrik ez balego. Hipokresiak ere mugak beharko lituzke!