Joaquina Garayalde irakaslea zen Villabonako eskola nazionalean. Francoren idealen garapenaren arduradun leiala. Zorrotz bete zuen Mola jeneralak hitz emandako hura, gerrak gupidagabea izan behar du gu bezala pentsatzen ez duten haien aurka, noski gorriak ziren haiek bezala pentsatzen ez zuten beste denak. Gorriak tituluaren azpian ezker eta eskuin nahasten baziren ere. Erregimena herri oso baten aurka.

Gaur  Villabonako Udala kokatua dagoen eraikinean zegoen eskola hasiera batean. Bistan denez neskak alde batera eta mutilak bestera. Eskolara sartu aurretik Cara al Sol eta Jaunkoigoari (lagun handia izan zuen Eliza katolikoa Frankismoak, Jaungoikoa, ordea, ez dugu inoiz jakin, haiek baietz esan arren) gorazarre egitea ezinbestekoa zen, plazan bertan egin arazten zieten. Muxu eman Espainiako banderari eta gero hasten zen instrukzioa (ez noski irakaskuntza). Honaino ulergarri. Baina bazen Joakinak suharki egiten zuen beste bereizketa bat ere:  kalekumeak eta baserritarren artean, "las de la calle y las caseras" zehatz esateko.

Lehen aldikoz hau entzun nuenean Amasakoak zein Villabonakoak bereizteko modu baten gisan interpretatu banuen ere -jarduera ekonomikoaren zein bizi modua desberdintzen zuela Amasak -garai hartan Joakinak ikasle izan zituen zenbaitekin izandako solasaldi ederrak behin eta berriro entzun ondoren, beste funtzio sozioliguistiko askoz ere perbertsoagoa zuela pentsatu nuen. Eta ez da broma baina, agian egun euskararen egoera Amasa Villabonan ulertzen laguntzeko balio diezaguketen analisirako faktore inportante bat(zuk) eskaintzen ahal dizkigu; bai, badakit ez dagoela oso modan (nostalgikoak gu!) gertatu zenari erreparatzea oraina esplikatzeko, baina, ez dago beste modurik, gauzak ulertzeko gertatu zirenak jakitea baino.

Joakinak "caseras" deitzen zituen haiek euskaraz mintzatzen ziren eta euskaraz egin arazten zieten "de pueblo" zirenei. Bistan da lehenak Amasakoak ziren eta bigarrenak Villabonakoak. Eta bistan da euskararen zabalpena mugatzea helburu zuen frankismoak, euskaraz ondo jarduten zutenak berezitu zituzten besteengandik, las del pueblo euskaraz ikasi ez zezaten, nolako izango zatekeen egungo hizkuntza paisaia Villabonan euskaraz normaltasun osoz hitz egiteko aukera egon izan balitz frankismoaren aldi luze osoan zehar?.

Mari Cruzek ez daki euskaraz, bere etxean denek zekiten euskaraz, bere hizkuntz ukipena ordea beti erdaraz gertatu zen, eskolak iraun zuen denbora gutxian. Erabilera eten eta ukatua. Hizkuntza garapenak beharrezkoak dituen kate begi denak etenda.

Las caseras y del pueblo ez da gauza isolatu bat, estrategia askoz ere perbertsoago baten lorratza baino. Amasa, Villabonaren arnasgunea da euskararen alorrean, frankismoak berak hori aitortu zion. Argi dago, gertatu denaren biktima gara.  Kontakizun osoaren garrantzia beste behin.

Mari Cruz haurtxo bat besterik ez zen bere senide guztiekin batera, Villabonan gerraren danbatekoak entzun orduko ihes egin behar izan zuenean. Francoren eta bere Villabonako ordezkarien erruz ez nuen euskara ikasi adierazi digu elkarrizketa egiteko grabagailua pizteko denborarik ere eman gabe. Haserre dago. 79 urte daramatza haserre eta ez dut uste inoiz min hori apalduko zaionik, sendatuko diotenik. Donostiako Polloe hilerrian bere osaba batek prestatu zuen soto batean egon ziren ezkutatuta. Villabonara itzuli zirenean ordea, mendekua prest zegoen: izeba Julianari ilea moztu eta akain olioa eman, kale nagusian goitik behera ibili arazi zuten bandera espainiarra altzoan, frankistak eta haien emazteak barre algaraka ari ziren bitartean... inork eskatu al dio barkamenik Berakoetxea familiari? ez ...Mari Cruzen amak, Eufemiak bere altzairu eta ondasun denak kalean topatu zituen Nagusia 67ra itzuli zenean. Etxea galdu zuten. Kalean zeuden. Uneotan siriar askoren gisa berean. Orduan ere bazen bihotz onekorik, elkartasun emailerik eta Jose Inazio Iñurritak bere etxeko ateak zabaldu zituen parez pare. Etxea atondu zuen Mari Cruz eta bere familiak aterbe har zezaten, Villabonan hainbeste bihozgabekok garatu zuten gupidarik gabeko gerrari (Mola jeneralaren lema nagusia ederki bete zuten Villabonan) arnas emateko. Bazen, beste Villabona humanoago bat ezkutuan bada ere. Horixe bera izan zen Barbe jaunak kontrolatu ezin izan zuena, beste ia guztia bere mendean baitzuen. Gerra irabazi bai irabazi zuen, baina duintasuna lapurtzeko bere saialdian ez zituen helburu denak bete. Villabonan, bihotz oneko askok beste herri bat antolatua zuten, sasian.

Mari Cruzen senar Joxe Martinen aitak ere gogor ordaindu zuen bere militantzia politikoa, ezkertiarra zen eta Fronte Populararrekin batera borroka egin zuen, Santoñan atxilotua izan arte. Jose Mari Etxeberria Nazabal, Darocako -Kantabrian- espetxean egon zen preso. Nola diren gauzak, urteak beranduago Jose Marik berriro kartzela hura bisitatzeko parada izan zuen, bere iloba Etxebe ETAko kidea izaki bertan preso zegoelako. Aitonak ilobari argibide denak eman omen zizkion espetxea nolakoa zenaren inguruan. Hago lasai Joanmari hemendik itsasoa ikusiko duk eta mendiak!. Espetxe horretan dago gaur egun Rafa Diez, ezker abertzaleko buruzagia ere.

Zenbait arduradun politikok, historia sekuentziaka kontatu nahi digute. Sekuentzia isolatuak bailiran. Herri honetan gertatzen denak duela ia zortzi hamarkada gertatu zenarekin zer ikusirik izango ez balu bezala. Tranpa egin nahi dute dagozkien ardurak ez onartzeko. Historiaren zati bat soilik kontatzen bada, historia faltsutzeaz gainera, historiaren protagonista lez dagozkien ardurak ez asumitzeak, argi adierazten du zer edo zer ezkutatzeko nahikeria. Ez naiz fede kristauduna, hortik edan badugu ere. Baina zertarako balio du barkamena eskatzeak ez bada zintzoa? zertarako balio du sentitzen dut esatea, gertatu dena gertatu bada, arrazoi eta zioak, bakoitza bere mailan sekuentzia horren logikan ulertzen ez badira? herri erasotuak eta erasotzaileak? pertsona kaltetuak eta kalte egileak?... zer aurreratzen dugu sekuentzia horietako batzuekin soilik akordatzen bagara? ez al genuke sekuentzia osoa berriro lotu eta errelatoaren protagonista guztiak aintzat hartu beharko?

Mari Cruzek ez du deus espero honez gero. Azken laurogeitamar urteetan herri honek bizitu dituen biolentzia ia guztien protagonista izan da. Ez du deus espero klase politikoarengandik. Etsituta dago, nekatuta. Baina argi dauka, kaltea ez dugu guk egin. Gu defendatzen saiatu ginen. Beti dago ikasteko, Mari Cruzek bakea egiten lagunduko luke.

 

 

 

Gaur, informatiboetako lehen lerro-burua da. Errefuxiatuak lehen mundua bezala ezagutzen dugun ustezko paradisu horretako geltokietan, tren eta bestelako garraio bideetan sartu ezinik, haur, gazte,emakume,nerabe, horroretik ihesi.

Gaur, haurtxo bat hondartza batean hilotz agertu da. Eta denak arrapaladan asaldatu gara. Nola da posible hau!. Hau, gaur estreinakoz gertatu delakoan. Erremediorik ez balu bezala.

Gure artxiboak ere, herritarrek bezala, Guda Zibileko ondorio latzak jasan zituen. Herrian bertan enfrentamendu militarrik egon ez zen arren, dokumentuak suntsitu ziren, espedienteak desagertarazi, material asko bidean "galdu"...Gure artxiboak ere, herritarrek bezala, jasan zituzten ondorengo errepresio urte luzeak. Bizitzako gauzarik ohikoenak bezala egunerokotasun gogorrak irudikatuaz, normaltasun itxura lortuaz hainbat espediente latzetan...