Artikuluak
- Ostirala, 05 Iraila 2014 16:04
"La historia de todos los tiempos, y la de hoy especialmente, nos enseña que... las mujeres serán olvidadas si ellas se olvidan de pensar sobre si mismas" (Louise de Otto-Peters, 1849)1
II Errepublika: aukerez betetako garai bat emakumeentzako
Gerra aurretik, emakumeek bizitza publikoan parte hartzeko aukera izango da besteak beste, lorpen nabarmenetako bat. Ordura arte, pentsaezina zen emakumeek bizitza publikoan parte hartzea. Hezkuntzari lotutako zereginak (irakaskuntza) eta adinekoen zaintza zen emakumeen zeregin aitortu bakarra. Hau faktore demografiko, ekonomiko, politiko zein sozialek egin zuten posible.
Ezkerreko mugimendu sozial zein politikoek sustatuta gehien batean, emakumeen arloan lorpen handiak egin ziren; emakume eta gizonezkoen berdintasuna bermatze aldera; sufragio eskubidea kasu edota bizitza politikoan parte hartzeko eskubidea bera, aipagarrienak.
1936ko altxamenduak eten egin zuen prozesu hori, ordea. Honela, frankismoak emakume eredu zehatz baten balioak defendatu eta bultzatu zituen; eredu hori bete ezean zigorra izanik ondorioa. Emakumeek rol eta funtzio zehatz batzuk bete behar zituzten: ama, zerbitzari leial, emazte on... gizonaren menpeko, beti ere. Etxean egon behar zuen, kristautasunaren printzipioen arabera jokatu, isila eta pudikoa izan... bestela Espainiari traizioa egiten zion ustea zabaldu zuen erregimenak. Zigor hori ordea bikoitza zen emakumeen kasuan. Ohiko errepresioari, emakume izatearen kondizioan jasan beharrekoak gehitu behar dizkiogu, honenbestez. Zigor bikoitza.
Frankismoa, erregimen matxista izan zen. Emakumeek gutxiago balio zutela pentsatzen zuten, argiki. Zer esanik ez, errepublikarrak edo abertzaleak eta gainera konprometituak ziren emakumeen kasuan.
Amasa-Villabonako emakumeen aurkako jazarpena
Dolores Arrillaga, Pilar Arrillaga, Evarista Sasiambarrena, Pilar Garcia, Ignacia Don, Gregoria Irazu, Maria Jesus Irazuren aurkako gerra kontseilua
Denak abertzaleak dira Pilar Garcia Otegi izan ezik (Juan Barbe Yarzak idatzia 1937ko maiatzaren 5ean Donostiako Gobernadore Zibilari), ondoren rabiosas separatistas irakur daiteke jarraian aurkezten dugun dokumentu honetan. Halaxe salatu zituzten, Guardia Nazionalaren aurrean, 1937ko ekainaren 18an Udalera igorritako dokumentu batean. Bertan, Amasa-Villabonako herritar ziren zazpi emakume, salatuak, umiliatuak eta Gerra Kontseilu baten biktima izan ziren.
Aurretik, herriko alkate zen Juan Barbe Yarza jaunak eta garaian erreketea zen Manuel Garate Berazak lagunduta (21 urte zituen, madrildarra jaiotzez, Oriamendi saileko (Tercio) erreketea), salaketa zuzenak egin zituzten emakume hauen aurka. Ondoren Gerra Tribunal batek salaketa gauzatu zuen (gero, ordea,frogatzerik izan ez zutenez, absolbituak izan ziren). Emakume hauen zereginak alderdi politiko zein mugimendu zehatz -eta noski, erregimenaren aurka- zeudenekin lotu nahi zituzten. Baita Espainiaren aurkako mezuak helarazteaz ere. Edozer aitzakia behar zuten, emakume hauen aurka jarduteko.
Frankoren gudarostea 1936ko abuztuaren 16an sartu zen Amasa-Villabonan. Aipatu salaketa horiek denak, Amasa-Villabonan bertan eraiki ziren eta gero militarrek euren mendekuak prestatu eta gauzatu zituzten. 1937. urteko maiatzaren 3an, Donostiako San Jose Asilo etxean bahitu zituzten zazpi emakume hauek , garaiko agintariek haien aurkako Gerra Kontseilua prestatu bitartean.
Amasa-Villabonako emakumeek, gerra testuinguruan indarkeria berezi eta espezifikoa bizi behar izan zuten
Gerra testuinguruan bereziki sufritu behar izan zuten, batez ere bi eremutan: batetik, emakume gisara eta bestetik haien, konpromiso politikoa zela eta. Erregimenak egin zuen ahalegin berezia emakumea itzalera lerratzeko eta maskulinitatearen izaera ahalguztiduna etengabe gain azaltzeko. Adierazgarria da akusazio denak gizonezkoek eginak izatea, defentsa egiteko proposatzen duten pertsona, ordea, emakumea da.
Zazpi emakume hauek salatuak izan ziren eta euren buruaren aurka aitorpenak egitera behartuak.
Beldurra eta mendekua helburu
Amasa Villabonan Frankoren aldekoek, izua eragin zuten, botere erakuste nabarmena eginez etengabe gabe, horretarako baliabide andana
zuten, nabarmenena agian Udala bera, euren eskuetan hartuta2. Herria eurena balitz bezala agindu zuten, herritarrak salatuz eta errepresioaren jomugan jarriz. Tresnak euren eskuetan hartuta, herritar zibil xumeak gupidarik gabe jazarpenaren biktima izan ziren.
Kolaboratzaile beharrezkoak, salaketak gauzatzeko
Udala errepresioa gauzatzeko baliabide nagusia izanik ere ezin ahaztu, salaketak indartzen zituzten kolaboratzaileak. Salaketak osatzeko, lekukoak behar izaten zituzten. Hartara, ikus dezakegu nola, salatariek euren lekukotasuna sendotzeko bestelako pertsonen kolaborazioa ere bilatu eta lortzen zuten. Antonio Subijana Tellecheak esku bat nola botatzen duen ikus dezakegu. Industria gizona bera, argiki adierazten du baietz, Juan Barbe eta Manuelek esandakoa egokia dela, eta zigorra eta espetxe aldia justifikatua daudela, nacionalistas muy destacadas direlako.
Bazituzten beste kolaboratzaile batzuk zeregin honetan. Jose Maria Subijana, Luis Subijana eta Jose Ubarrechena, esaterako. Espainiaren zerbitzura leial lan egin zuten gizonak guztiak (Barbek berak halaxe jakinarazi zien agintariei, saritu zitzaten haien zerbitzuengatik). Emakume hauen aurkako salaketak biltzen aritu ziren, gero Espainiar agintarien eskura informazioa jarriaz. Trukean, sariak eskuratu zituzten, eta guztiek lan egin zuten giltzapean zeuden emakumeen aurkako salaketak gorpuzteko.
Gerra Tribunala epai bat ematekotan zela, herriko alkateak bere txostena idatzi zuen, salaketak berretsiz: arriskutsuak ziren emakume hauek Francoren erregimena kritikatzen zutelako eta aurkakoei babesa eskaintzen zietelako. Falangeak ere Barbek egindako txostenean oinarrituta egin zuen berea.
1937ko urriaren 25ean, Gerra Kontseiluak bere sententzia argitara eman zuen. Absoluzioa izan zen emaitza. Baina multarekin. Por no poder probar auxilio a la rebelión, haien esanetan. Frankismoak multa ekonomikoak erregimenaren finantziaziorako baliatu zituen. Honela isunak modu progresiboan zehazten zituzten. Emakume hauei, esaterako, zeukaten diruaren araberako isuna jarri izana adierazgarria da. Zenbat eta diru gehiago isun handiagoa.
Gerra Kontseilu sumarisimoak emakumeak umiliatzeko
Zigorrak ere desberdinak ziren emakume zein gizonezkoentzat. Hor ere desberdin jokatu zuen gerrak. Errepublikazaleak ziren gizonak erail egiten zituzten bitartean emakumeei "barkatu" egiten zieten, barkamen hori ordea, garestia zen kasu ia gehienetan. Honela, gizonak hil ondotik emakumeentzat sexu jazarpen eta intsinuazioak zetozen, haurrak kentzeko mehatxuak, harrera etxeetan egonaldi behartuak, umilazioak, ile mozteak… Ezin esan gabe utzi, garaiko emakumearen estetika kanon inposatuak edertasunaren zati bat ile luzearekin lotzen zuela, erlijio katolikoari oso lotua izan den ideia hain juxtu, herri osoaren aurrean markatuak uzten zituzten hura moztuta, gizonek lotsa eta higuina senti zezaten emakume haienganako.
Emakumeek izaera propiodun subjektu gisara gizarteratzeko aukera baztertua izan dute mendeetan, lehen eta gaur, emakumeak besteen begietara desiragarri izateko eraikitzen direlarik.
Evarista Sasiambarrena: Emakume Abertzale Batzaren idazkaria Amasa Villabonan
1931 urtera bitarte Emakume Abertzaleen Batzako idazkaria Amasa-Villabonan -120 bat afiliatu zituen Villabonan EAJren inguruan sortutako emakume talde honek- (Ugalde 1993:288). Bere aurkako salaketa oso adierazgarria da, baita ere Manuel Garatek lortu zuen auto-inkulpazioa ere. Bertan, garai batean abertzalea zela baina orain Espainiaren alde lerrokatua dagoela aitorrarazi zioten.
Evaristak alkatearen agindu bati uko egin zion, Espainiako bandera zintzilikario gisa jartzeari; ondorioz, espainiar bandera eskuetan herriko kaleetan itzulika ibili arazi zuten. Eta Udalaren zigilua bera daraman dokumentu argigarria duzue hauxe.
Juanita Berakoetxea, Antonia Astiasaran eta Petra Vidaurreren kasua. Ilea moztu eta kalean barrena ibili arazi zituzten.
Emakumeen aurkako jazarpenaren inguruan ezin aipatu gabe utzi ile mozketa eta akain olioaren erabilera. Emakumeak, fisikoki umiliatuak izateko atxilotzen ziren, ilea mozten zitzaien, akain olioa (aceite de ricino) ematen zieten, beherakoa eragiteko eta kale Berrian barrena ibiltzen zituzten, beherakoa gainean egiten zuten bitartean, hori eurek askatzen zituzten herri guztietan gertatzen zen, sarri herriko musika bandak lagunduta, gainera. Eta errepublikarren aurkakoak ziren beste emakume zein autoritateen barre eta irainen artean. Frankisten emazteek ere laguntzen zuten honetan. Emakumea emakumea umiliatzen.
Amasa-Villabonan, garaiko frankismoaren erreferentea zen familia batek erabaki omen zuen ile mozketekin amaitzea. Ordudanik ez zen ilerik moztu gehiago.
1. Lekukotzak: emakumeen aurkako salaketak, espetxera bidaltzeko. Defentsarako aukera mugatuekin, akusazioak onartu baino ez.
2. Poliziaren informea, emakumeen aurkako akusazioak eraikitzen
3. Ondoren, herriko udal arduradun eta informatzaileek osatzen dituzte.
Evarista Sasianbarrena (1937): Ondarretako kartzelan liburu bat eskuetan duela. EAJko kide esanguratsua. 1931.urtean, Emakume Abertzaleen Batzako idazkaria izan zen Amasa-Villabonan.
Petra Vidaurre, abertzalea, ilea moztu eta Villabonako kaleetan zehar ibili arazi zuten. Frankoren aldekoen irain eta algaren artean.
Errepublikaren alde borrokan, ihesean zeudenen emazteen aurkako jazarpen krudela: Saturnina Ramila, Antonia Astiasaran eta Benita Arteagaren kasua.
Gerra Zibilean zehar, emakumeek erakunde politikoetan zuten parte hartzea nahikoa baxua izan zen; gizonezkoak frentean hil, exekutatu edota ihes egiten zuen bitartean emakumeak herrian zeuden, euren seme alaben zaintzaz arduratuta, egoera erabat babesgabean, oinarrizko beharrak asetzeko ezintasunekin kasurik gehienetan; hori gutxi balitz, haien aurkako mendekuaren neurriaz jakitun.
Emakume hauek, Villabonan atxilotu zituzten, euren senarrak frentean zeuden bitartean, eta zigortuak izan ziren, "matxinadara deitzeagatik". Espetxe zigor oso larriak ezarri zizkieten eta ia osorik bete behar izan zituzten.
Frankismoak abortua espetxearekin zigortzen zuen
Dokumentu honetan ikus dezakegu nola Villabonako emakume batek 35 urteko espetxe zigorra jaso zuen.
Emakumeen aurkako salaketen maila gorena: infantizidio salaketak.
Emakumea izanez gero, errepresio frankistaren ondorioak jasateko, ez zen beharrezkoa espetxeratua edo atxilotua izatea. Asko izan ziren, esate baterako, lan egiteko aukerarik izan ez zuten alargunak, miserian bizitzera kondenatuak “gorri” baten senidea izateagatik. Beste askok familia ibiltariak osatu zituzten, Espainiako geografian zehar mugituz senarra, semea edo aitaren atzetik hauen ibilbide penitentziarioaren jarraipena egiten . Beste batzuei, etxea kendu zieten.
Atxilotutakoen artean, leporatutako delituari erreparatzen badiogu bi multzo handi bereiz ditzakegu. Lehenengoan, araudi frankistaren arabera, lege haustura egin zutenak zeuden. Hauek, gizonezkoak bezala, errepublikaren alde edo faxismoaren kontrako borrokan nabarmendutako militanteak ziren: abertzaleak, komunistak, sozialistak, anarkistak, feministak… Borroka egin zuten eta beraien konpromiso mailagatik, bazekiten errepresio gogorra jasotzeko aukera handiak zituztela. Beraien ideologiarekiko koherentziaz zetorkien patu iluna onartzen zuten eta espetxe barruan, modu batez edo bestez, borrokarekin segitzeko asmoa azaltzen zuten.Errepresio zuzenaren biktimen bigarren taldea askoz zabalagoa eta anitzagoa izan zen. Delitu zehatzik ez zitzaien leporatzen, “ondoan” egotea baizik. Errepublikazale baten emaztea, alaba edo ama izatea nahikoa zen zorigaiztoko talde honetako kidea izateko.
Hau, Amasa-Villabonan pasa da. XX mendean.
1 in UGALDE SOLANO,M. (1993): Mujeres y nacionalismo vasco. Génesis y desarrollo de Emakume Abertzale Batza (1906-1936). Bilbo: EHU-UPV argitalpen Zerbitzua:9 orria.
2 Amasa-Villabonako alkate legitimoa bera Valeriano Saizar Arteaga, 72 urterekin heriotzara kondenatu zuten, 1936ko urriaren 9an Zarautzen erailez.