Artikuluak
- Asteazkena, 15 Uztaila 2015 10:04
Pantaleon Leturia Arrasaten jaio zen 1897. urtean, tradizio sozialista zuen familia batean. Gasteizen burutu zuen zerbitzu militarra eta Afrikara soldadu gisara joatea egokitu (aukera zegoen soldaduska egitetik libratzeko, hori bai horretarako dirua behar zen eta hau ez zen hain justu kasua), han egin zituen hiru urte; bertan zen, Marokoko Armadak, Espainia bere mendean hartu zuenean, gertutik bizi behar izan zuelarik, 1921ko uztailaren 21ean, Annual bezala ezagutua izan zen bataila;
Marokok aise irabazi zuen eta, Espainiak bere politika kolonizatzaile guztia birpentsatu behar izan zuen. 1922az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduetara mikeletea izan zen - bere zereginak ordena publikoaren zaintza eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxan lan desberdinak izan ziren-. Gipuzkoako hainbat herritan jardun ondoren (Donostia, Ataun- hemen ezagutu zuen bere emaztea- Ordizia, Oiartzun), 1928. urtean Villabonan kokatu zuen bizilekua. Errepublikaren ezarpenarekin eta gerra lehertu artean, 1931tik 1936ra bitartean, Pantaleonek aipatu zereginak betetzen jarraitu zuelarik beti ere aipatu instituzioren esanetara.
1936ko estatu kolpearen ondorioz eta gerra lehertuta, mikeleteak nagusiki errepublikanoen alde posizionatu eta borrokatu zuten. Gauzak honela, mikeleteak Tolosan bildu zituzten eta handik Azpeitiara eraman zituzten, kamioietan. han, inguruko baso zelaietan borroka egiten zuten. Villabona, Francoren mendean erori zenean, 1936ko abuztuan, Pantaleonek Azpeititik bere senideei deitu eta haiek (emaztea eta 9 urteko alaba) berarekin elkartzeko ahalegina egin zuen, beldur zen senideei zerbait gertatzearekin. Asteasutik barna eta bertakoa zen baserritar zein azpeitiar artzain batek lagunduta egin zuten bide menditsua.
Baina gerrak bere gordinean jarraitzen zuen eta hurrengo agindua mikeleteak Mutrikura mugitzea izan zen. Eta Pantaleonek bere familiarekin batera egin zuen aipatu lekualdatzea. Han zirela, bertakoak ziren familia batek eskaini zien aterbe. Baina Mutriku ere nazionalen mendean erori eta Pantaleon atxilo hartu zuten. Gero, aske geratu zen, antza gordeta zeuden etxekoek egindako gestioei esker.
Horiek honela, Villabonara itzuli ziren. Hemen ere ez zen giro, herriko hainbat frankistek haren aurka egindako akusazioak medio, berriro atxilotu egin zuten eta Tolosako kartzelan preso sartu. Aske utzi zuten, Amasako herritar batek egindako gestioei esker (zenbait iturriren arabera, bere aurkako heriotza zigorra ere idatzi omen zen, nahiz eta gero ez exekutatu).
Egoera korapilatsua bazen ere, Pantaleon lanera itzuli zen, oraingoan, ez ordea mikelete gisara (ordurako ordena publikoaz arduratzen zen instituzio hau desegin baitzuten, errepublikaren alde agertu zelako nabarmen). Pantaleonek, bere lana Gipuzkoako Aurrezki Kutxan garatu zuen, beti ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko langile bezala. Tolosako bulegoan, 3 urtez lan egin zuen, erantzukizun postu batean.
Gerra amaitu ondoren, bere lanpostua gerratik itzuli zen errekete batek eskuratu zuen (ohikoa zen hori, nazionalen alde lan eta bizitza eskaini zuten haien sartiu behar zituen erregimenak eta noski errepublikaren alde jardunakoak eta haien familiak zigortu), honela, Pantaleonek bere lan eskubideak galdu zituen, maila baxuagoko postu bat asignatu ziotelarik. Bere lanaren gaineko kontrola beste errekete batek burutzen zuen eta haren senideek diotenez, bere lanaren gaineko kontrol itzela pairatu behar izan zuen baita presio handiak ere. 1962. urtean hil zen. Ordu arte, Villabonako Aurrezki Kutxan lan egin zuen.
Pantaleon, gerrate zibilak herritarren aurka suposatu zuen injustizia guztiaren lekuko izan zen. Gerraren ondorioak, injustizia itzela bere haragitan bizitu behar izan zuelarik. Pantaleonek bere lanean fermuki sinesten zuen, eta bere senideak ziur daude, mikelete gisara zuen bere ardura, herritar denei eskaini beharreko zerbitzu publikoaren bokazioarekin bete zuela, justiziaren printzipioetan oinarrituta eta ahalik eta inpartzialtasun handienarekin. Garaiko giroak oso zail egiten bazuen ere.
Pantaleon, in memorian.
Oharrak:
* Artículo 1º La creación de este cuerpo tiene por objeto principal la vigilancia y conservación de la tranquilidad y del orden público: la persecución de ladrones y malhechores: el resguardo y administración de los arbitrios provinciales, así como también facilitar todo el auxilio posible a las autoridades en ejercicio de sus funciones, y protección a los habitantes pacíficos y viajeros que los soliciten, sin derecho por esto a retribución. Artículo 15 ª El miquelete debe ser prudente sin debilidad, firme sin violencia y político sin bajeza; no debe ser temido sino de los malhechores y enemigos del orden…(El Cuerpo de Miqueletes /Juan Garmendia Larrañaga in Oarso- Errenteria, 15. zenbakia (1980 uztaila 22), 92-94 orriak.)
*Mikeleteak ("praka-gorri" edo "txapel-gorri" ezizenez ere ezagunak) Foruen jurisdikziopean, Bizkaia zein Gipuzkoako Foru Aldundiek sortutako eta haien menpeko zen gorputz militarra. Lehendabiziko helburuak herri-bakea mantentzea eta gaizkileen jazarpena bazituzten ere, XIX. mendean zehar aldatuz joan ziren, gero herrialdeko zergak ere jaso behar izan zituzten. Gaur egun, beraien funtzioak foru eraikinen zaintza eta, aldundiko ahaldun nagusi eta foru diputatuen bizkartzaintza dira. 4 mikelete daude gaur egun eta organikoki Ertzaintzako agenteak dira Gipuzkoako Foru Aldundira esleituak daudenak. Konbentzio Gerran herrialdean mikelete talde bat sortu bazuten ere, lehendabizikoz 1839ko irailaren 24an Gipuzkoako Foru Aldundiak Segurtasun Publikoa eta Babesaren Jagoleen taldea eratu zuen, Lehen Gerra Karlistaren soldadu ohiak erabiliz. Jagoleak 1841ean deuseztatu eta 1844an mikeleteak sortu zituzten. 100 laguneko taldeak gatazka askoren artean irautea lortu zuen. 1874ko uztailaren 16an, Hirugarren Gerra Karlista zela eta, Gipuzkoako Mikelete Boluntarioen Batailoi sortu zen, hildako asko izan zuena. Espainiako Gerra Zibilean, Gipuzkoako kanpaina eta gero, mikelete gehienek errepublikazaleen alde egin eta Bizkaian aritu ziren. 1937ko ekainaren 23an itun ekonomikoa kendu ondoren, abuztuaren 25ean Iparraldeko Armadaren jeneral-buruzagia zen Gil Yustek Gipuzkoako Mikeleteak eta Bizkaiko Miñoiak deuseztatu zituen.
Esti Amenabarro Iraola
Amasa-Villabonako frankismoaren aztarnak arakatzen II: egiaren miñak liburuaren egilea
Pantaleon Leturia: Donostian, Gipuzkoako beste hainbat mikeleterekin desfilatzen. Lehen zutabean, bigarrena.
Mikeleteak, Pantaleon goiko ilaran hirugarrena ezkerretik hasita.
Pantaleon, mikelete jantziarekin. Bi jantzi omen zituzten. Bata jaka luzea, urdin iluna, kaparekin, galtzak eta txapel gorria, eta bestea osoki kaki kolorekoa.
Pantaleon, garaiko hainbat agintarirekin, 1934koa da argazkia, Legarretako zubia inauguratu zuten egunekoa. Tartean da gero fusilatu zuten Valeriano Saizar (bigarren lerroan hirugarrena) Villabonako alkate izandakoa ere, EAJ alderdikoa bera ere. Baita Fernando Sasian, diputatua ere (lehena bigarren lerroan).
Argazkiak: Milagros Leturia Goikoetxea