Artikuluak
- Ostirala, 08 Apirila 2016 16:20
Mauthausen-Gusen: atetik sartuko zarete eta tximiniatik atera beharko duzue
...fueron derrotados por el ejército franquista y se exiliaron por temor a la represión, y de todas las víctimas de la guerra civil el suyo fue el destino más trágico, cruel, humillante...sin armas, sin uniforme ni jerarquía militar, sin legalidad alguna que los amparara, muy a pesar no fueron considerados refugiados políticos ni prisioneros de guerra después...en los campos fueron apátridas porque Franco se negó a reconocerlos y se les impuso el triangulo azul reservado a los deportados, no el rojo que llevaron con orgullo prisioneros políticos de otras nacionalidades...son hombres que formaron parte de una cierta elite.... porque todos sabían escribir y leer y porque procedían de familias conocidas entre la militancia republicana de base (Mercedes Vilanova, 2014 Mauthausen despues)
Amasa-Villabonako tenientea II. errepublikako ejertzitoaren aginduetara
Adolfo Roque Lozano Olazabal Villabonan jaio zen, 1897ko irailaren 27an. Mauthauseneko kontzentrazio esparruan hil zen 1941eko azaroaren 7an. Bere heriotzaren berri ematen duen agirian heriotzaren arrazoia biriketako neumonia izan zela idatzita badago ere, pentsa liteke bertako bizi baldintza gogorren ondorioz hil zela.
Irakaslea zen ogibidez. Hernanin egin zituen irakasle lanak. 1918an soldaduska egitea egokitu zitzaion. Arrazoi familiarrak tarteko, bere ohiko ogibidea utzi eta ejertzitoan izen eman zuen. II. errepublikako ejertzitoan Teniente izatera iritsi zen (beti ere errepublikako gobernu desberdinen agindupean mailaz igo zuen; Azañak -1933an boluntario izatetik Brigada izateko izendatu zuen; Largo Caballerok -1937an- Teniente). Parte hartze zuzena izan zuen Gerra Zibilean (1936-1939). Batez ere Ebroko batailan, Aragoiko lerroaren defentsan, Bartzelonaraino iritsi zen.
Gerra amaitu eta beroni galduta, ihesaldiari ekin behar izan zion, atxilotua izan zen Frantzian. Bertako hainbat kontzentrazio esparru ezagutu zituen (tartean Gursekoa, Saint Cyprien, eta Trevesekoa ere). Handik Mauthausen- Gusenekora eraman zutelarik. Red Spanish War Volunteer gisara izendatu zuten Adolfo. 36ko gerran ardura militarrak izan zituztenak arriskutsutzat hartu eta protective custody delakoa aplikatzen zieten, baldintza ezin gogorragoetan edukitzen zituzten. Politikoki zuzendu ezinezko Reicharen aurkako etsaientzat prestatzen zituzten eremu horiek. Jakina da nazien ideologian eta pentsamendu errepresiboaren oinarrian zeuden lan behartuak . Horren lekuko da 186 eskaileraz osatutako granito harrobia. Adolfoz gain, beste billabonatar bat ere egon zen Mauthauseneko kanpoan. Alberto Beafourt. Aske atera zen, 1945eko maiatzaren 5ean. AEBtako Armadak Gurutze Gorria Internazionalarekin batera kontzentrazio esparrua askatzea lortu zutenean)
Mauthausen zuzendu ezinak zirenentzako pentsatua
1938an agintari naziek Austriako Mauthausen eta Gusen herrien inguruan Linz hiritik 22 bat kilometrora kontzentrazio esparru handia eraiki zuten. 1938ko abuztuaren 8an iritsi ziren lehen presoak eremu honetara (Austria III Reichera batu eta bost hilabetetara). Ikertzaile gehienak bat datoz, naziek toki hau aukeratzeko arrazoi nagusienetako bat granitoa ateratzeko kantera ondoan kokatuta izatea izan zela.Datuen dantza iturri batetik bestera aldakorra bada ere. Ireki eta AEBko armadak askatu bitartean, zazpi urtetan, 190.000 preso eduki zituzten konplexu guztian.
Mauthausen eta bere alboko kanpoek garai eta helburu desberdinak agertzen dituzte. Hastapen batean, kontzentrazio eremu honek bazuen helburu nagusiki politiko bat: opositore politikoen zein ideologikoen etengabeko pertsekuzio eta jazarpena eta nola ez zigor eredugarria. Heriotz tasarik altuena izan zuen kontzentrazio eremua izan zen. 1943 urte aldera berriz, presoak lan behartuetan aritzeagatik ezaugarritzen da. Batez ere, armagintza industriaren beharretara dedikatuta. Garai honetan, asko hazi zen preso kopurua eta hazkunde honek lehendik oso gogorrak ziren bizi baldintzak nabarmen okertzea ekarri zuen. Sona handiko enpresek, lan hauek baliatu zituzten, dirua egiteko.
Datuen dantza handia bada ere, osotara iturri ofizialen arabera 90.000 presok galdu zuten bizia bertan (hotzez kongelatuta, indizioen bidez, jipoi eta bestelako ankerkeria guztien biktima. Horietatik, 10.200 hil zituzten gas letalaren bidez.SSko agintariek 40 nazionalitate desberdinetako pertsonak erregistratu zituzten haien liburukietan, emakume, hau zein gizonezkoen artean.
Mauthausen-Guseko kontzentrazio eremua granitozko kantera baten ondoan egoteak, nazional sozialismoaren pentsamenduan, lana eta diziplinaren garrantzia ulertzeko balio du. Zigortzea helburu nagusia izanik, zigor horrekin batera, euren Estatu handiarentzako doako esku lana lortzen zuten. Negozioa zen, negozioa egiten zuten preso zeuden pertsona haiekin. 45 kiloko harritzarrak eskaileretan gora eta behera egunero, askoren kasuan harriek gehiago pisatzen zuten kilotan, eramaile-presoek baino; gero haiek ateratako granitoarekin Alemanian mausoleoak eraikitzeko. Hil arte lan egitera behartzen zituzten atxilotuak. Lanerako balekoa izateak gainera kontzentrazio esparruan funtzionamendu eredu oso bat suposatzen zuen. Lanerako balio ez zutenen baldintzak are eta gogorragoak baitziren.
Aritza Kultur Elkartea eta Memorial Mauthausen elkarlanean
1945eko maiatzaren 5an AEB eta bere aliatuek eremua liberatu aurretik, SSek presoei buruzko dokumentazioa suntsitu zuten. Horregatik, 40.000 biktima baino ez dituzte identifikatu. Esparruan bertan eratu duten Mauthausen memorialak egin du informazioa biltzeko lana eta iaz, esparrua askatu zenetik 70 urtera hainbat ekitaldi eta omenaldi egin ziren. Informazio guztia, www.mauthausen-memorial.at helbidean jaso dute.
Aurten, maiatzean, Mauthausen Memorial Book delakoa kaleratu eta Europa osotik kontzentrazio esparrura atxilo eramandako pertsonen biografiak bilduko dituzte, edizio digitalean eta paperean. Lozano Olazabalena, Aritza Elkarteak idatzi du .Ikerketaren jarraipena egin eta egitasmoaren dimentsio osoa ezagutzeko Aritza Kultur Elkarteko ordezkariak Mautahusenen egon gara martxoan.
Adolfo Lozano Olazabal eta Alberto Beafourt Barrengedo, nazismoaren eta arrazakeriaren bi biktima billabonatarrak. Biak ala biak bizitako sufrikarioaren lekukotza zuzena izatea bilatzen genuen. Eta lortu dugu. Baina inork ez du ofizialki oraindik deus esan.