Honela Villabonako Udalari aurkeztu dizkio gure elkarteak identifikatu dituen sinbolo guztiak. Osotara 15 etxe atarietan kokatuta daude. Eta Francoren diktadura aldi osoan gaur arte, ohikoa den bere alderdiaren, hots, Falangearen sinbologia agertzen da. Ikusi dugu, hainbat eta hainbat herritarrek sinbolo horiek euren kabuz kendu dituztela, horrek adierazten zuenaren jakitun.

Aritza Kultur Elkartearen ustea da, 29[1] pertsonaren heriotza eta beste hainbat sarraski eragin zuen diktaduraren arrastoak gaur oraindik mantentzea lekuz kanpo dagoela Villabonan. Horregatik luzatzen dugu eskari zehatz hau.  

Bost urte ingurutik hona, Aritza Kultur Elkartea, arlo anitzetan, memoria historikoaren testuinguruan, 1936-1939 urte bitarte Gerrate Zibila eta ondoren 40 urte iraun zuen diktadura luzea ikertzen aritu da (batez ere lehen frankismoa deitu zaion epe horri erreparatu diogu), beti ere Amasa-Villabonan lekututa.Gipuzkoako Foru Aldundia eta Villabonako Udalaren laguntzarekin, bi liburu, webgune bat eta beste hainbat jardunaldi antolatu ditugu, beti ere dokumentazioaren azterketatik abiatuta ezagutzaren transferentzia egiteko helburuz. Modu berean, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera errepublikarrak ziren hainbat lagunen hobiak aurkitu genituen Villabonako hilerrian. Kasik 430 errepublikar eta abertzaleren biografiak ezagutu ditugu eta euren sufrimenduaren erradiografia bat egiteko nahikoa informazioa osatu dugu. Metodologiari dagokionean, dokumentazioaren interpretazioa eta ahozko testigantzak jasotzen eta horiek interpretatzen eta errelatoa eraikitzen jardun gara, nagusiki. Oraindik ordea, lan asko dugu egiteko.

 

Egin den lan guztiaren bilgune dokumentala ere abian dugu, www.amasavillabonaoroitzen.net webgunean (2015eko martxoaren 21ean abian jarri genuen eta dagoeneko 4500 sarrera izan ditu), hor ari gara egunez egun gure elkarteak ikertu eta ezagutza berriak sortu ahala publikatzen. Gipuzkoan aitzindariak gara, gure neurriko elkarteei erreparatuta. Gaur, Amasa-Villabonaren historia garaikidean, kronika ilun bat, idatzi gabe zegoena, ezkutatua izan dena, ezagutzeko parada ezin hobea dugu.

Baina frankismoaren ikerketa ez da soilik gertatu zenaren ezagutzara mugatu behar. Are gutxiago, oraindik frankismoak eta diktadurak utzitako arrastoak gure kaleetan daudela kontuan hartzen badugu.Gaur gaurkoz, Villabonan itzuli bat egitea nahikoa da, ikusteko frankismoaren diktadura eta botere absolutuak oraindik ere bere iruditeria eta sinbologia bizirik mantentzen duela gure herrian. Jarraian aurkezten dugun lan honetan, gaur gaurkoz Villabonako kaleetan Francok bere ordezkarien bitartez, gure herrian abian jarri zuen diktadura eta agintea adierazten duten hainbat sinbolo jaso ditugu.

Gaur 79 urte beranduago, 2007. urtean, memoria historikoaren alorrean Espainiako Kongresuak lege bat onartu zuen (2007ko abenduaren 27an), memoriaren historikoaren alorrean eta nazioarteko hainbat eskakizunei men eginez, Espainiako Gobernuak hainbat konpromiso hartu zituen. Konpromiso horiek, maila apalagoko erakunde eta instituzioekin batera betetzeko asmoa agertu bazen ere, tarteak tokikoak - hots, Udalak- erritmoa ez da behar bezain azkarra izan eta zenbait kasutan, sinbologiarenean esaterako, bere horretan dirau. Lege ebazpenaren 15. artikuluan zehatz mehatz adierazten da, frankismoarekin zer ikusia duen sinbologia, irudi edo monumentu oro ezabatzeko konpromisoa.

Hauxe dio 2007 onartu zen Memoria Historikoaren legeak[1], bere 15. artikuluan:

2007ko abenduaren 27tik, Oroimen Historikoaren Legea indarrean dago. Ekimen hori dela bide, Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aitortu eta zabaldu eta horien aldeko neurriak ezarri dira.

Memoria Historikoaren Legearen 15. artikuluak altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren ezkutuak, intsigniak, plaka eta gorespen pertsonal edo kolektiboko bestelako objektuak edo oroitzapenezko aipamenak kentzea eskatzen die Administrazio Publikoei, hori egiteko eskumena badute.

2012an Aranzadik honako aholkuak egin zizkion Eusko Jaurlaritzari, sinbologiaren inguruan (plana eta gomendio sorta askoz ere zabalagoa da):

2.3. Etxebizitzaren Obra Sindikalaren eta antzekoen idazkun handiak: Etxebizitzaren Obra Sindikalak Bizkaian eta Gipuzkoan eraikitako etxebizitza-multzo ugarien barruan, propaganda ideologikoa ez zen arkitektura-diseinuan edo emandako izenetan soilik islatu (gehienbat pertsona historikoak, Gerra Zibilean hildako militarrak edo erregimeneko agintariak), baizik eta fatxadetan ezarritako idazkun handietan ere utzi zuen eragin oso argi bat. Horietan, izen ofizialez gain, Sindikatuen Espainiako Ordezkaritzaren eta Espainiako Etxebizitzako Erakundearen ikurrak ere zizelkatu zituzten.. 

(http://www.jusap.ejgv.euskadi.eus/contenidos/informacion/retirada_simbolos_franquistas/eu_dictamen/adjuntos/Dictamen_retirada_simbolos_franquistas_eu.pdf)

 

obra sindical del hogar

 

Erregimen frankista sendotzeko arkitekturak hartu zuen garrantziaren barruan, etxebizitzak funtsezko tokia hartu zuen Francok bere erara modu absolutuan antolatu zuen (legea ni naiz) estatu berriaren eraketan.

Gobernuak Espainiako Etxebizitza Erakundea sortu zuen; hasieran hirien hazkunde fisikoa kontrolatzeko sortu  bazuten ere,  gero etxebizitza-politika arautuz gizarte-eredu jakin bat lortzearren ezarri zituen indarrak aipatu erakundeak. Horretaz gain, Etxebizitzaren Obra Sindikala eratu zuten, FET eta JONSen mendekoa. Dena den, Etxebizitzaren Obra Sindikalak lan nabarmena egin zuen, bereziki Gipuzkoan eta Bilboko itsasadarrean. Euskal Herrian, 1950etik aurrera bizkortu zuten etxebizitzen eraikuntza. Espainiako Etxebizitza Erakundeak ez zuen eraginkortasun handirik izan hirigintza-hazkundearen gainean eduki nahi zuen kontrolean; halere, haren ikurdun plakak nahitaez ipini behar zituzten egindako etxebizitza-eraikin guztietan (gehienak ekimen pribatuz eginda). Ekintza horrek Estatuaren konpromiso soziala goretsi nahi zuen  eta bide batez, propaganda ofiziala lagundu zuen.

 

3.- Aritza Kultur Elkarteak memoria historikoaren legea betez aipatu sinbologia horiek kentzeko eskaria egiten dio Udal Gobernuari.

Herri mailako agintariei eskari zehatz bat egiten diegu, sinbologia hori ezabatzeko. Eta frankismoaren aztarna oro desagertzeko ahaleginarekin konpromisoa irmoa agertzeaz gain, gerraren eta diktaduraren ondorioz, ahaztuak eta baztertuak izan ziren herritarrei, Amasa-Villabonako herritarrei aitortza egiteko. Historia ofizialak gerra irabazi zutenak omentzeko ahalegina egin du. Ez ordea, gerra hura galdu eta urteak eta urteak inolako aitortzarik gabe egon diren herritarrak gogoratzeko eta omentzeko. Baina ez da nahikoa omentzea. Aitortu behar da eta mina erreparatu behar da. Horretarako aurkezten du lan hau Aritza Kultur Elkarteak. Lan honen helburua, Amasa Villabonan frankismoarekin zer ikusia duen sinbologiaren katalogazioa eta identifikazioa aurkeztea da. Tokiko administrazio publikoak behar dituen zereginak burutu ditzan, 2007ko abenduaren 7tik indarrean dagoen legedia egikaritzeko.

 Frankismoak Amasa Villabonan bere iruditeria zabaltzeko unean beste bi adibide historiko, gaur ezabatuta daudenak:

1.-Oriamendi Tertzioa

 Irudian agertzen den plaka hau Oriamendi auzoan kokatua zegoen (gaur Sacemen gordeta dago). Oriamendi auzoa bezala ezagutzen dugu egun baina, gerra ondoren Tercio Oriamendi izena ezarri zitzaion, Francoren alde borroka egin zuten villabonatarrak gogoratzeko. Francoren alde borrokatu zuten erreketeen omenaldi egiteko. Tercio Oriamendi: errekete boluntarioen batailoia izan zen, bere lema nagusia, "Por dios, por la patria y el Rey" inposatzea zen, eta bertan hainbat villabonatarrek borrokatu zuten.

 Aipatu batailoia Donostian sortu zen, 1936 Gerrarako Junta Karlistaren ekimenez (bertan ordezkatuak zeuden garaiko hainbat agintari karlista eta Tradizioa mantentzearen aldekoak ziren); Gipuzkoan antolatu zen eta Oriamendi izena hartu zuen Oria mendia dela eta. Modu berean, erreketeen ereserkiak ere izen bera zuen. Erreketeen unitate hau agian berezienetako da; beste unitateak ez bezala Gipuzkoa osotik etorritako jendez osatu zelako. Ohikoena Francoren alde gerran aritzeko batailoiak antolatzen zirenean, herri bereko pertsonez osatzea izaten zenean. Terciok ejertzitoaren batailoi bati egiten dio erreferentzia.

Batailoi honen jardun eremu nagusia Bizkaia izan zen eta 127 hildako izan zituen bere baitan.

tercio oriamendi

1955. urtean, Gipuzkoako Antolakunde Sindikalak (Organización Sindical EspañolaOSE)[3] etxeak sustatu zituen Villabonan eta Oriamendiko lur sailak aukeratu zituen zeregin horretarako. 96 etxebizitza 7 bloketan antolatuta. 7 milioi inguruko aurrekontua izan zuen aipatu egitasmoak.

Elizaren ondoan eta Villabonako toki egoki batean (sic), 96 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa abiatu zen. Helburua, azkar egitea zen eta tokiaren egokitasunak hori ahalbidetzen zuen. FET eta JONS alderdiak zuzen zuzenean kudeatu zuen egitasmo hau, une haietan Godofredo Barbe zen alkatea (alderdi bereko idazkaria ere izana zen) Udalbatzak zein aipatu alderdiak, etxebizitza egitasmo honen jarraitzen estua egin zuten.

Hainbat eta hainbat herritar apuntatu ziren aipatu etxeak jabetzan eskuratzeko. Baina sindikatuak eta Falangeak, zuzenean, Villabonako ordezkarien bitartez kontrol zorrotza ezartzen zuten. Herritar askori, zer esanik ez abertzaleak edota errepublikarrak baziren asko kosta zitzaien aukera hori izatea. Batzuk lortu zuten, beste batzuk aldiz ez. Herriko Falangearen arduradunek eta sindikatuaren herrialdeko arduradunek, zerrendak osatu zituzten nork bai eta nor ez. Boligrafo gorriz Xak ondo markatuak daude. Jesus Alustiza arkitektoak garatu zuen egitasmoa. Eta egitasmoaren zenbatekoa 778.889.19 pezetakoa izan zen. Arkitektoak eta bere laguntzaileek 142.562.13 pezeta kobratu zuten, euren zerbitzuengatik. Udalak erraztasun denak eskaini zituen bitartean.

 1987. urtean Udalbatzara eraman zuen Herri Batasuna alderdiak gai hau; Tercio Oriamendi izena kentzea proposatu zuelarik, izendapen berria, Gernika auzoa proposatuz (Gernika, bakearen sinboloa zelakoan, naziek haren aurka egin zuten bonbardaketaren ondorioz biktimak gogoan hartzeko). Garaiko udal aktak errepasatzen baditugu, Udalean ordezkaritza zuten alderdien aldetik ez zen adostasunik egon- Euskadiko Ezkerra zegoen agintean-. Herri Batasunak egindako proposamenaren aurka bozkatu zuten Udal Gobernuko alderdi denek. (Euskadiko Ezkerrak 4 boto, Eusko Alkartasunak 3 eta EAJko 1 aurka; Herri Batasunak 4 bozkarekin defendatu zuen). Proposamenak ez zuen aurrera egin. Euskadiko Ezkerrak, ordea,  Oriamendi izendatzea proposatu zuen (Tercio kenduta, bere konnotazioengatik). Euskadiko Ezkerrak, bere posizioaren arrazoia argitu zuen. Oriamendi auzuneko bizilagunen artean inkesta egin zuen aipatu alderdiak. Bizilagunei galdetu zieten, izendapen berriaren inguruan eta galdeketa horretatik ateratako emaitzak[4]  aintzat hartu zituen. Gaur auzune horrek, Oriamendi izena du.

 2.-Mausoleo egitasmoa

Gerra amaitu zenean Francoren alde hil ziren 22 villabonatarren omenez eraiki nahi zuten mausoleoaren egitasmoa Villabonako Udal artxibategian kokatuta dago (Frankismoaren Aztarnak arakatzen I liburuan 272-280 orria).
En este recinto sagrado, junto a la magnifica iglesia de Amasa y dominando el valle de Oria...La idea de perpetuar la memoria de los voluntarios de Villabona que murieron por Dios y por España en la cruzada de 1936-1939... irakur dezakegu. 2 egitasmo egin zituzten, lehena 1941ean eta bigarrena 1943an. Biak ala biak ez zituzten burutu ahal izan.

mausoleo 1mausoleo 2

  

[1] Gerra Zibilaren iraun zuen bitartean, gerraren ondorioz, 50 pertsona hilik suertatu ziren Amasa-Villabonan. Horietatik 29 errepublikarrak eta abertzaleak ziren. Aldiz, 21 pertsona hilik suertatu ziren Francoren aldean.

[3] Francok gerra lehertzearekin batera sindikatu denak legez kanpoko izendatu zituen eta bere kideak jazarpen gogorrak jasan behar izan zituzten. Francok, botere esparru guztietan bezala sindikatu bakarra baimendu zuen, berea, Organización Sindical Española ezagutzen dena, Sindicato Vertical gisara ezagunagoa. Langile zein enpresari guztiak behartuak zeuden, legez aipatu sindikatuan izen ematera. Etxeak eta bestelako ekimenak sustatzen zituen sindikatuaren bitartez.

[[4] Inkesta horretan 50 pertsonek eman zuten bere iritzia eta horietatik, gehiengoa Oriamendi deitzearen alde zegoen; 22 Gernika izendapenaren alde atera ziren, 9 Tercio Oriamendirekin jarraitzearen alde. Herri Batasunak bere zalantzak agertu zituen inkesta egiteko moduaz eta hura egiteko baliatu zen laginaz, haiek, herri osoan inkesta egitearen aldekoak ziren.