Blog
- Amagoia Pia, Villabonako agirizaina Ereiten enpresako langilea
- Jueves, 23 Abril 2015 14:26
Gure artxiboak ere, herritarrek bezala, Guda Zibileko ondorio latzak jasan zituen. Herrian bertan enfrentamendu militarrik egon ez zen arren, dokumentuak suntsitu ziren, espedienteak desagertarazi, material asko bidean "galdu"...Gure artxiboak ere, herritarrek bezala, jasan zituzten ondorengo errepresio urte luzeak. Bizitzako gauzarik ohikoenak bezala egunerokotasun gogorrak irudikatuaz, normaltasun itxura lortuaz hainbat espediente latzetan...
Gure artxiboak ere, herritarrek bezala, egun haiei buruz galdetzen diotenean erantzuten du. Kontatzen digu urte haiek nolakoak izan ziren, nola bizi ziren eta nola aldatzen joan ziren...
Aritza Kultur Elkarteak eta Villabonako Udalak sortu berri duten web orri honetan, besteak beste, Villabonako Udal Artxiboan aurkitutako dokumentu eta espedienteen deskribapenak eta irudiak ikusgai daude. Artxiboan, urteetan zehar Udalaren kudeaketaren ondorioz sortutako espedienteak gordetzen dira. Gure lana da, herritarrena, espediente guzti horien azterketa egin eta interpretazio ahalik eta zuzenenak ematea.
Ereitenek gure artxibotik eta Aritza Kultur elkarteak bildutako beste artxibo batzuetatik ekarritako materialak deskribatu ditu web orri honetan. Benetan lan hunkigarria izan da, herritarrek kontatu digute, artxiboek kontatu digute, eta guzti horren deskribapena eta interpretazioak jaso dira tresna itzel honetan. Gure artxiboak, lan honi esker, asko kontatu digu. Baina oraindik gehiago kontatzeko irrikitan dagoela ziur gera. Eta kontatuko digu. Jakin dezagun entzuten eta ulertzen.